Ugao herrian Bildu koalizioak, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren izenean, mozioa sartu nahi izan du, baina Ugao-Miraballeseko Udaletxearen Osoko Bilkurak atzera bota du EAJ-PNVren bozkekin. Udal honetan EAJ-PNV-k gehiengo osoa dauka. Argudioa zera izan da; “Udal honi ez dagokiola” eta ondorioz, mozioa ez dute gai ordenan sartu nahi izan.
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, Ugao-Miraballeseko Udaletxearen Osoko Bilkurari proposatu dio:
- Errepublika eta Gobernu Espainol, Katalan, Galego eta Euskaldunaren aurka 1936an Francok antolatutako altxamendu militar-faxista kondenatzea.
- Kolpe militar haren alde egin zuten industria, nekazaritza eta finantza oligarkiak eta Elizaren agintari eta partaideak salatzea.
- Estatu terrorismoagatik errepresaliatuak izan zirenei bere eskubideak bermatzeko erregimen haren Egia plazaratzea, Justizia aldarrikatzea, Erreparazio duina eta Errepika-Ezinaren Bermea ezartzea.
Garbi dago EAJ-PNV-k erabaki politikoa hartu duela Frankismoaren aurkako kereilaren bidea aktiboki boikotatzeko. Horrela jelkideek beraien burua ondo baino hobeto erretratatzen dute.