Ardanzaren arotik gutxienez, euskaltzale eta abertzale garen askok oso arrotza deritzogun neomitologia gailendu nahi izan dute jeltzaleek mendebaldeko hiru herrialdetan. Izan ere, Azkuna bezalako fenomeno kezkagarriak sortu dituen “sabinismo”-ari alternatiba erakargarri eta sinesgarriagoak aztertzea beharrezko bezain interesgarria dela iruditzen zait.
Barkatuko didazue Bilboko lagunok, baina Bilboko zentralismo berriak, erderazaleak, Iberdrola gurtu eta Athleticeko kamistea jantziz bere ekarpen soziokultural eta politiko osoa egina duela uste duenak arazoak sortzen ditu Euskal Herriko beste lurraldeetan.
Ez da hain urrun Araban sortu zen beste mounstro bat: Unidad Alavesa eta sabinismoaren irakurketak ere badu zerikusirik Nafarroa Garaian UPNren jaiotzaren justifikazioarekin. Bi alderdi ultraeskuindar eta Espainiazale hauek PNVren aurka jaio ziren, baina boto emaile ugari aurkitu zuten biktimismoa errez erosteko joera duten esparruetan eta PNVk, nire ustez, erraztu egin zuen.
Halere, Sabinismoari (oker ulertutako sabinismoa esango lukete aranista batzuek) alternatiba egituratzeko saiakera handiak egin dira. Esan gabe doa 1930.urtean jaio zen ezker abertzalea aintzindaria izan zela. Aldiz, politikatik at, azkeneko urteetan eta ziur aski “La Navarra marítima” liburuak zabaldu zuen bideari jarraituz, nafarzaletasun aurrerakoia sabinismoari alternatiba gisa ari da aurkezten.
Besteak beste, kostaldean jaio arren nafar jatorria dugunok arreta bereziz jarraitu dugu eztabaida hau. Foruei buruzko irakurketa faltsua eta menpekotasun juridiko-politiko, ekonomiko eta kulturalaren betieretzera garamatzan historiaren irakurketa sabinista gainditzeko ekialdera ere begiratu behar dela defenditu dugu askok aspalditik. Zuberoan Agustin Xaho genuen, Nafarroan hainbat eta hainbat adibide. Espainarekiko itunen balioa aldarrikatzen zutenen aurrean, Xahoren errepublikatasun laikoa eta nafar euskaltzale independentisten eredua interesgarriagoak iruditu zaizkigu beti.
Alabaina, azkeneko bi urte hauetan arrazoi osoz, euskal abertzaletasunaren zati batek onartu zuen Nafarroaren bazterketa salatuz, Nafarroako historia sakonago aztertzen ari diren hainbat egilek egiten ari diren irakurketa politiko eta “mediebalista” (Erdi Arozalea) kezkatzen hasi zait, Euskal Herria/ Nafarroa dikotomia justifikatzeko argudio berrien bila dabiltzala ematen baitu.
Alta, sabinismoak Espainarekiko ituna justifikatzeko asmatu zuen historiaren irakurketaren alternatiba Nafarroako Erresumaren mitifikazio batera pasa dela ematen du eta mito faltsu bat ez genuke mito sinplista batez ordezkatu behar, nazio eta Estatu izaera hartu nahi duten herri guztietan egindako ariketa delarik ere.
Baskonia-Euskal Herria –Nabarra
Ziur aski Erromarekin harreman luzea izatean, euskal munduak bere burua berasmatuko zuen. Aurretik zegoena irudikatzeko oraindik ikerketa asko egin behar dira, baina ezin ukatu, IV.mendetik aurrera, lurralde hauetara hurbildu ziren guztiek Pirinieoen bi isurialdeetan herri-konfederazio bikoitza ikusi zutela: Baskonia Hegoaldean, Waskonia Iparraldean.
Nire ustez, Jon Nikolasek egin zuen proposamena nahiko zuena da (agian beste askok gauza bera esan dute, baina nik Jon Nikolasi diot irakurria): Nikolasen ustez, “baskoi” hitza “basoko” hitzatik dator, latina ulertzeko gaitasuna zuten euskaldunek lautadetan erromatarrekin topo egitean, artzain, txerrizain eta unai ziren bere ahaideez aritzeko, egun Nafarroan egiten den moduan (“los de la Montaña, los de la Rivera”), ahaideoi “basokoak “ esango zieten.
Baskonia Euskal Herriaren izenaren latinezko ordaina da eta mendetan beste izenak baino askoz gehiago erabili da. Baskonia hitzaren azpian lurralde bat zegoen, herri bat ere bai, herri eta lurralde horretan inguruko lurralde guztietan bezala panorama konplexua izango bazen ere.
Sabinismoari aurre eginaz, UPNren aurkari, nafarzaletasun aurrerakoia zabaltzen ari den sektore batzuetan Nafar Erresuma Euskal Herria kontzeptuaren gainetik kokatu behar dugula diote, Euskal Herria hitza sabinista delakoan, kulturalizista eta apolitikoa delakoan. Honi kontrajarriz, nafar erresumaren eredua kokatzen dute eta berarekin batera Nafarroako erregeena sarritan.
Haatik, arestian nioen moduan, izen bakar baten pean errealitate konplexuak ezkutatzen dira. Egun ere, batera eta garaikide, errealitate anitza bizi dugu euskal orubean, pentsamolde ezberdinak, erakunde ezberdinak, elkarren lehian diren botere politiko-juridiko ezberdinak. Modu berean, historia liburuetan Iruñeako erresuma Nabarrako Erresuma izena erabiltzen hasi zenean, errealitate asko egongo ziren batera eta sarritan lehian.
Iruñeako errege zen Sancho Handiak kristautasunetik zetozen ereduak barneratu zituenetik Euskal Herriko konplexutasuna biderkatu zen. “Rex” titulua euskal kultur eta munduan arrotza da. Izan ere, “rex” titulua erromatarrek Etruriatik hartu zuten eta Cesar Augustok berenegatu ondoren, bere ondorengo zen Erromako Aita Santuak titulua banatzen zien berarekiko menpetasuna onartzen zuten jauntxoei.
Sancho Handiak “enperador” hitza ere erabili omen zuen eta Euskal Herriko (Baskoniako) legeen arabera lurra berea izan ez eta legeak egiteko gaitasuna ukan ez arren, Aita Santuan, Erroman eta kristautasunaren babes sinbolikoan babesa bilatu nahian, Euskal Herriko sistema juridikoa irauli nahi izan zuen, garaikideak ziren beste errege eta noble gehienek egin nahi izan zuten bezala, alegia.
Ezaguna da: Aita Santaren agindu zuzenen esanetara zegoen Cluny ordena Sancho Handiaren eskutik iritsi zen. Done Jakue bidearen ertzeetan monje hauekin batera gaskoniarrak zein latina zekiten beste milaka lagun etorri ziren komertzioa zabalduz. Ez da arritzekoa euskaraz “Azoka” hitza “zoko” hitzatik etortzea, Erdi Aroko azokak ziur aski lehenago arabiar eta tamazight ereduetatik iritsiko baitziren lurralde hauetara.
Iruñeako erregeak subditoak behar zituen, euskaldunak, baskoniarrak ez baiztiren juridikoki bere menpeko, pertsona aske baizik. Naiaran, Lizarran eta Iruñean Erregearen baimenaz harresiek banaturik kokatu ziren gaskoniar eta europearrak “nabarrerietako” biztaleen borondatearen kontra kokatu ziren. Erregeek dirua behar zuten gerra egiteko Done Jakue bidearen handitu ziren herrietan merkatuak zabaldu ziren, bertan moneta erabili behar izaten zen. Ekonomia monetarizatzeko ahalegina egin zuten. erregeek soldaduak ordaintzeko xoxak behar zituelako. Batzarren jurisdiziopean jarraitzen zuten euskaldunek, berriz, ez zuten “rex” titulua erabiltzen zuen jauntxoari armen bidez zerbizteko derrigortasunik eta bere borondatez batzarrek soldaduak eskaintzen ez bazituzten erregeek mertzenarioak bilatu behar zituen.
Historizismoa kritikatu nahi dudan historizismokerietan erori gabe, adibide xume honekin zera adierazi nahi nuke: Euskal Herriaren historia zaila bezain konplexua dela eta inguruko beste lurralde guztietan bezala, egungo Estatuen aintzindari izan ziren erresuma kristauen sorkuntzan borroka latzak eman zirela, borroka odoltsuak eta borroka juridikoak eta panorama horretatik zerbait nabarmentzearren, nire ustez askoz interesgarriagoa da Baskonia zahar horrek sortu zuen eredu errepublikarra aztertu eta berrirakurtzea, Europatik zetozen ereduak goraipatu edota historia ofizialaren parametroetan aritzea baino.
Euskal abertzaletasuna zentralismoaren besoetan erori da sarritan, Bilbo inguruko zentralismoa ezin da “nafarerregezentralismoa”-z ordezkatu. Zetralismoa ez baita sekula euskal sistema juridikoaren eredua izan. Ez da egia Euskal Herria (Baskonia) hitz kultural soila denik, Erroma etorri aurretik, Nafarroko erresuma egin aurretik, Espainia eta Frantziako erresumen hatzaparretan erori aurretik eta ondoren arlo askotan “Euskal Herria” izenaren atzetik eredu juridiko-politiko alternatiboak ere badira. Eredu juridiko-politiko horietan lurra publikoa izatea, elikagaiak eta erregaiak populazio guztiarentzat bermatzea, aberatsei mugak jartzea eta guztia “Batzarra” izena zuten asanbladetan eztabaidatzea xede nagusiak izan dira eta historiaren berrirakurketa egitekoan, hauek guztiek osaten dute altxorrik preziatuena, gatazka , titulu, urre eta banku-akzio guztien gainetik.
Patxi Azparren.
Antopologian litzentziaduna.