Atzo abuztuaren 23 iragarrita zegoen bezala, Palenciako Aguilar de Campoon talde ultraeskuindar batek omendu du Gernika erraustu zuen Kondor Legio Nazia. Ekitaldian miliziano eta gudariak borrokatu zituzten pilotu naziei espreski omenduak izan dira, 36ko gerran bando frankistari emandako laguntza eskertuz.
Eragin gutxi izan dute talde memorialista eta ezkertiarren protestak eta deiak ekitaldia bertan behera uzteko, edo debekatzeko. Azkenean, ekitaldi nazizalea bedeinkazio guztiekin ospatu da, normaltasun osoz eta giro onean. Frankismoaren biktimak berriro ere umiliatuak izan dira eta Genozidio Frankistaren borreroak, goratuak. Hamaikagarren aldia da, duela gutxi Iruñean “Regimiento America”rekin gertatu zen bezala.
“Memoria Historica” delako legeak berriro ere erakutsi ditu bere mugak. Hutsaren hurrengoa espainiar eskuinak Frankismoaren baloreak berreskuratzeko ireki duen gurutzada berriaren aurrean. ABC, La Razon, COPE, TV 13 eta enparauak apur bat jarraitzea nahikoa da honetaz jabetzeko.Prentsa eta WEB espainiarrak frankismoaren aldeko apologiarekin betetzen dira egunero. Kaleak genozida frankisten izenekin lepo jarraitzen duten bitartean.
Jakina, oraingo honetan epaitegi espainiarrak geldi eta isilik egon dira. Agian euskal preso politiko baten aldeko ekitaldia ez zelako, edo Frankismo betean polizi frankistak hildako euskal militante baten aldeko ekitaldia ez zelako. Konstituzionalistek antolatutako eta PNV-k onartutako euskal gatazkaren kontakizunaren inguruko egoera surrealista honetan, delitua da Txiki eta Otaegi bezalako borrokalari antifaxistak omentzea, baina Espainia Mendebaldeko Europako leku bakarra da non posiblea da espreski armada nazia omentzea Espainiari emandako “laguntza” eskertzeko. Jakina, ETA-k frankismoan hildako poliziak “terrorismoaren biktimak” dira eta Frankistek hildakoak “Arrazoi politikoengatik eragindako biktimak”dira.
Hau da 36ko gerra eta geroko euskal gatazkari buruzko kontakizunari buruzko PP eta PSOEren eskema. Hurrengo belaunaldiei inposatu nahi dietena. Konstituzionalisten ondare ideologikoa.
Egoera honetan, EAJ-PNVko Izaskun Bilbao eurodiputatuak adierazi du gaia Europar Legebiltzarrera eramango duela. Ongi dago, baina PNVri gogorarazi behar zaio bere ardura historikoa Frankismoaren inpunitatearen ereduan. Azken finean, PCE-k, PSOE-k, CIU-k eta EAJ-PNV-k bat egin zuten Genozidio Frankistaren krimenak eta beraien egileak zigorrik gabe geratzeko Erreforma Frankistaren urtetan, “adiskidetzearen” alde. Estatuan ia soilik ezker abertzaleak egin zuen honen kontra, eta larrutik ordainarazi zaio hori.
Frankismoaren berpizkunde honek sustrai sakonak ditu eta 1977.en urtean batzuek onartutako inpunitateak ahalbidetzen ditu. Horregatik Bilbao andrearen protesta guztiek Estrasburgon ez dute sinesgarritasunik EAJ-PNV-k aldi berean ez badu autokritika sakon bat egiten garai haietan hartutako erabakien inguruan, eta bereziki 1977.en urtean frankisten genozidio krimenak zuritzeko egindako autoamnistia legeari jelkideek eskainitako sostengua kendu. Autoamnistia lege hau baita, finean, Genozidio Frankistaren inpunitate guztiaren iturri, eta EAJ-k ere bultzatu zuen une hartan.
Eraso Faxista Lemoan 36ko gerrako Gudari eta Milizianoen aldeko panel baten kontra.
Ez da kasualitatea une honetan PPren eskuetan dagoen udalerri batean halakoren bat gertatzea. Ezta bertako Goardia Zibilaren eta Palentziako Gobernadore Zibilaren pasibotasuna naziei eskainitako omenaldiaren aurrean. Urtean aurrera joan ahala, PP-k mozorroa kendu eta gero eta gehiago den alderdi frankista eta ultraeskuindar bezala agertzen da, bai bere politikaren edukietan eta baita bere estetika eta ekitaldien koreografian ere. Azken hauteskunde europarrek,garbi utzi dute Espainian ez dagoela VOX bezalako alderdi ultraeskuindarrentzat, azken finean PP-k betetzen duelako gune hori. Handik aurrera talde ultraeskuindarren lana aktibismo hutsa da PP-k gero bozka ultraeskuindarrak biltzeko.
Finean, Gasteizko PPko alkatearen adierazpen xenofoboak eta Aguilarreko PPko alkatearen konplizitatea omenaldi naziarekin txanpon beraren bi aurpegi besterik ez dira.
Eusko Lurra Fundazioa.