Amnistia eta Autonomiaren Eguna Makean. Iparraldeko Autonomia Eraiki/ Errepresioaren Kontrako Batzordearen iritzia

Urria honen 27an, igandea, ohizko hitzordua daukagu : Autonomia eta Amnistiaren Eguna. Aurten, haatik, hitzordu honek munta berezia dauka eta hori honenbertze arrazoinengatik.

Lehenik, egun hau ez da amnistiaren  eskabidean mugatuko, nahiz eta argi dagoen amnistiaren erdiestea lehentasuna dela. Ezen, bakebidean aitzina egiterik eta gatazka politikoaren konponbiderik ezin da nihondik nihola ere pentsatu, preso politikoen askatzerik, erbesteratuen etxeratzerik eta amnistia oso eta baldintza gabekorik egon gabe !

Aurtengo Autonomia eta Amnistiaren egunakari, haatik, instituzionearen eskakizuna aitzin eramanen dugu. Alabaina, frantses estatuaren jarrera itsu eta tematuaren parean, sekula baino beharrezkoago da autonomiaren eskabidea plazaratzea, Euskal Herriaren askatasunaren bidean lehen urrats bezala. Ezen, autonomia baita Euskal Herriak bere hautuak egin ahal izaiteko eta bere geroaz erabakitzeko xedean, eskuetan ukan behar dugun instituzionea.

Makeako aurtengo elkarretaraztzean, halaber, agur eta ohore eginen diegu Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia eman duteneri. Gogoan izanen ditugu bereziki, borroka gogor horretan desagertu direnak eta gaur egun horrela geratzen direnak : Naparra, Pertur eta – nola ez ? – orain dela 30 urte, 1983ko agorrilaren 7an, desagertarazi zuten Popo gure borrokalagun maitagarria.

Borroka armatuaren behin-betikotz geldiaraztea iragartzeaz geroztik, Euskal Herria gatazkaren konponbidean sartua da ; alabainan, abertzale mugimenduak ditu gatazkarekin gelditze eta elkarrizketaren bidean aitzina egiteko asmoetan urratsak egiten.

Parean, aldiz, ezin da erran holako jokamolderik baden, frantses eta espainiar gobernuen aldetik jarrera itsu eta jazarkor baten keinuak besterik ez baitira oraingoz, hots :

- Lotsagarria eta antidemokratikoa den erasoa Herrira elkartearen kontra
– Eri diren edo zigorra betea duten presoen libratzeari uko egitea.
– Herritar eta arduradun politikoen artean ados-jartze oso zabala agerira ekarri duen Euskal Herriko Lurralde Elkargoaren plantan ezartzeari Parisek ezetz mespretxugarria emaitea.
– Parisko agintariek, beren eskumakila Prefet eta Prefetordeen bidez, euskararen kontra berrikitan bultzatu oldar egiteak, Ikastola berriak eraikiaraztekotan Herriko Etxeeri jakinarazi dizkieten dekekuekin ;
– Euskal Herriak bere aferak eskuetan hartzeko xedean, eraiki diren egituren diru aldetik itotzeko nahikaria, hala nola Euskal Herriko Laborantza Ganbararen alde Herriko Etxeek bozkatu dituzten dirulaguntza erabakiak baliogabetuz…

Beste adibide frango ere balitzateke Pariseren itsukeria horren adierazle !

Ororen buru, atera behar den ondorioztatzea argi da : ordu baizik ez da indarrak biltzeko eta Parise nola Madrileri hortzak erakusteko, borroka armaturik ez bada izan beharrik ere.

Horiek guziak ditugu adarrikatuko aurtengo Autonomia eta amnistiaren egunakari, urria honen 27an, Makean.

Egun hau nahi ginuke izan dadin, abertzaleen aldetik, buru egite nahikundearen agerpen ozena eta, beraz, deneri dei egiten dizuegu Makeara etortzeko, jendolde handiz argi erakustera eman dezagun Euskal Herriaren alde borroka egiterat eta preso politikoen askatasuna lortzera deliberatuak gaudela.

AMNISTIA ORAIN
AUTONOMIA, ASKATASUNAREN BIDEAN !
AUTONOMIA ERAIKI /  ERREPRESIOAREN KONTRAKO BATZORDEA

Facebook Twitter Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>