Trantsizio garaian, “bake eta adiskidetze nazionala”renmesedetan, Erregimen Frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimenak amortizatu zuen PSOE berbera, “1977ko Amnistiaren legea”, (“ley del punto final” ere deitutakoa) hain eredugarritzat definitzen duen berbera, guzti honen buru jartzen da. Nazioarteko legeria guztiek aitortuta zituzten biktimen eskubideak zapuztu zituen alderdi burua, orain Oroimen historikoaren itsasontziko lemazaina izendatu nahi du bere burua, Francoren momiaren inguruan muntatutako ekaitz mediatiko hutsarekin. “Gatopardo” bezala: zerbait aldatzen doala sinestarazi, azkenean ezerez aldatzeko; Franco hobitik ateratzea trantsizioko iruzur itzela oraindik gehiago finkatu, eta aldi berean Erregimen Frankista kriminala eta ondorengo oinordekoen erabateko inpunitatea irauteko eta mantentzeko erabili.
Zeren arazoaren muina ez da Francoren momia hilobitik atera ala ez, baizik eta Espainiako erakunde publiko zein pribatu guztietan (Armadan, Epailetzan, Eliza katolikoan, Polizian, Hezkuntzan, Alderdi politikoetan, komunikabidetan…), erroetaraino txertatuta dagoen frankismo infiltratua azaleratzea eta hortik kentzea.
Hobe litzateke diktadorea amaraunen artean eta naftalina katoliko-benediktinoen artean, bere mausoleoan jarraitzea baina diru laguntza publikorik jaso gabe eta Espainiar Estatuak bere osotasunean egin beharrekoa behingoz egitea, hau da, bere barneko arrasto faxistak eta frankistak betirako astintzea eta garbitzea.
Diktadorea “Valle de losCaidos”tik ateratzea faxismoa goraipatzeko beste santutegi batera eramateko Elizaren bedeinkapenarekin, da, hain zuzen, saihestu beharrekoa. Faxismoaren biktimen enegarren umilazioa bihur ez dadin eta genozidioren ukapenaren jarraitzaile multzoaren inpunitateak, nahiz maila pertsonalean, nahiz komunikabide taldeetan edota antolakunde politikoetan, jarrai ez dezan.
Francoren deshobiraketa, “bake nazionalari”,“ereduzkotrantsizioari” eta Espainiako “ereduzko demokrazia monarkikoari” kantu berri bat bihurtzea tristea litzateke (eta beste behin, betikoen inpunitatearen gainean eraikitakoa).
Eraildako milaka iraultzaileek, errepublikazaleek, abertzaleek (hauetako batzuk EAE-ANVko ezker abertzaleko militanteak), non genozidak eta bere jendailek hauen hilobia arpilatu zuten, ondotik bortxaz Diktadorearen mausoleoan hilobiratuak izateko, biktimak izanda, zerbait gehiago merezi dute; eta haien oroimenaren alde ere, zerbait gehiago merezi dute. Guztiaren gainetik Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriz ez gertatzeko Bermeak merezi dute. Jakina, PSOEko gobernuaren amarru folklorikoek ez dute, ezta urrutitik ere, horrelakorik eskaintzen.
Alberto Muñoz Zufia eta Txarli Gonzalez Llorente.
Eusko Lurra Fundazioko kideak
Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 10a.