Herritar Batasunaren garaia da

Herritar Batasunaren  helburu nagusia independentziarako eta sozialismorako bidean Ezker Abertzaleko masa kritiko militantearen aktibazioa litzateke. Militantzia “kritikoa” militantzia aktibo eta trebatua da. Herrietako dinamika soziopolitikoetan partaide, modan dagoen militantzia “birtual” eta desideologizatutik aldenduta. Finean, herri boterearen oinarria den militantzia.

HB taldeez nahiz norbanako militanteez osatuko litzateke. Ez soilik alderdi politikoekin, baizik eta sindikatu, eta hainbat herri mugimendurekin: gazteria, amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkakoa, feminista, oroimen historikoa, naziogintza, ekologia, euskara, antifaxista… Maila nazionalean zein eskualde mailan eratutako taldeez ari gara. Antolaketa honek herri eta auzoen indar handitzea eta deszentralizazioa dakartza, baita herri taldeen autonomia handiagoa izatea ere dinamismoa sustatuz.

Herritar Batasunean, Independentzia eta Sozialismorako bidean taktika eta estrategiaren marra gorriak definituko dira denon artean, eta eragile eta militante guztiak, adostutako marra hauen barruan mugituko dira, berauen arlotan arituz.

Modu honetan, Herritar Batasuna, osatzen duten talde eta norbanakoen aberastasun ideologikoa gordeta, aldi berean, partekatutako lerro taktikoak eta estrategia bera segituko duen elkarlanean aritzeko egitura sortuko du. Horrela EA bere osotasunean koordinazio kolegiatuaz eta autogestionatuaz hornituko da.

Aldi berean Herritar Batasuna mugimendu soziopolitikoari edo herri mugimenduari lotutako nazio edo herri erakunde berriak sortzeko mintegia izan daiteke.

Herritar Batasunaren egiturek eta funtzionamenduak bi ardatz batu beharko ditu: Mugimendu iraultzaile independentista osoa, eta honen barruan, elkarrekin aritzen diren mugimendu sektorial ezberdinak. Horrela Estatuen errepresioa eta bestelako erasoen aurka eraginkorragoa da, baita borroka frente ezberdinak (nazionalak, eskualdekoak, herrikoak) sortzeko eta jendarte aldakor honen eskaerei, beharrei eta kezkei erantzuteko orduan ere.

Ezker Abertzaleak ez du kalea soilik berreskuratu behar, xarma eta kalean borrokatzeko poza ere bai.

Azken urteotan, Ezker Abertzale ia osoan kultura bertikalista txertatu da non erabakiak bakar batzuek hartzen dituzten. Batzuk ilegalizazioez baliatu dira berauen egitura alderdikoi eta bertikala sortzeko. Hegemonismoa, aldiz, militante eta bozkak galtzeko bide motzena dela agerian geratu da.

Premiazkoa dugu pentsamendu politikoaren hauspotzea eta baita militantziaren formakuntza ere. Masa kritiko indartsu batek soilik bermatuko du gure aurkako inguru mediatikoaren aurrean, eta baita gogorki despolitizatua eta desideologizatua izan den jendartean aurrera egitea.

Finean, Herritar Batasuna Estatuen eta Kapitalaren kontrako borrokarako tresna da. Alderdi bakarra, berriz, Ezker Abertzalea egungo egitura instituzionaletan diluitzeko tresna.

Herritar Batasuna herri, eskualde eta nazional mailan antolatuko genuke. Herritar Batasunak hornituko duen eskualde eta nazional mailaren barruan hainbat “aparatu” edo lan taldeak osatzen.

Kataluniako CUPen esperientzia eta maila praktikoan zein teorikoan egiten ari diren lan guztia, baliagarria gerta dakiguke gure formulazio ideologikoetan eta praktikoetan.

Ezker Abertzalean historikoki pertsonak modu eta inplikazio maila ezberdinez aritu dira. Horregatik, HB militante mota ezberdinez osatuta egongo da: militante aktiboak eta eguneroko lanetan konprometituak, edo konpromiso apalagoa dutenak. Bakoitza bere estatus propiorekin. Sare sozialei dagokienez, salaketa, hitzorduak, mobilizazioak antolatzeko baleko tresna izanik, ez dira ordea militanteak parte-hartze politikorako funtsezko tresnak.

Gure proposapenak bertikalismotik autogestiora pasatzea suposatuko du; Herritar Batasunaren kultura berreskuratuz. Herritar Batasunak “komunitate soziopolitiko” baten kide izatearen sentimendua berreskuratuko luke ezker abertzaleko masa sozialarentzat. Sentimenduak eta subjektiboa dena gestionatzeko garrantzia ezin baitugu ahaztu.

Une hauetan Herritar Batasuna sortzeko nahiko baldintza badagoelakoan gaude. Aldi berean, gero eta denbora gehiago pasa orduan eta zailagoa izango zaigu egoerarekin nazkaturik etxera joan diren militanteak berreskuratzea.

Garrantzitsua da Herritar Batasunaren eta hauteskundeetarako eta instituzioetarako Fronte Zabala bereiztea. Fronte Zabala beste talde batzuekin adostutako hauteskundeetarako eta instituzio kudeaketarako gune partekatua da. Herritar Batasunak motorra izan behar du, ez bakarrik hauteskundeetan edo instituzio mailan, baizik eta gune guztietan.

Azkenean, estrategia nazional bat izan beharko dugu, Herritar Batasuneko erakunde ezberdinetako zientoka koadroek sortutakoa eta partekatutakoa. Hau da, gure ustez, Euskal Herriaren  askapen nazional eta sozialerako prozesuaren berraktibaziora eramango duen oinarria.

Txarli Gonzalez Llorente eta Gotzone Rekondo, Eusko Ekintzako militanteak.

Facebook Twitter Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>