PSE, Idoia Mendia eta euskara.

Saretik hartuta.
Peio Igeregi Santamaria (Osakidetzako ELAko arduraduna )
Leire Txakartegi Iramategi (ELAren Batzorde Eragileko kidea eta euskara arduraduna)

Idoia Mendiak askatasuna aipatzen du nork bere aukerako hizkuntza erabiltzeko orduan. Txikikeria bat ahaztu zaio baina: soilik elebidunok eskaintzen diegu gurekin jardun nahi dutenei, hizkuntza aukeratzeko askatasuna. Elebakarrek inposatu egiten diete euren hizkuntza, bestean jardun nahi luketenei.

Euskaldunon komunitatea egunero eta etengabe baztertua da, bi hizkuntza ofizial dauzkan herrialde honetan. Sarri, ezin izaten dugu ogia erosi edo osasun arreta jaso gure aukerako hizkuntzan. Berdintasuna defendatzen dugu guk ere, nahi dugu, gazteleraz bizitzea aukeratu dutenek bezala, euskaraz bizi ahal izan. Bidezkoa da aintzat hartzea euskara jakin nahi baina ikasi ezin izan duten pertsonen egoera, baina Idoia Mendiaren ardura behar luke bermatzea gure gizarte osoak euskara ikasi ahal izan duela, komunikazio pasiboa ahalbidetzeko moduan sikiera.

Baina Idoia Mendia gezurretan ari da gainera. Irudikatzen duen gizartean Enplegu publiko osoa euskaldunontzat da, eta Osakidetzaz hitz egitera ausartzen da. Osakidetzan soilik langileen %29 egiaztatu dute helburu gisa zehaztutako ezagutza maila (bere burua elebiduntzat daukan gizartearen %35 azpitik). Eta ez du bada Mendiak esaten euskararen ezagutza eskakizunak gehiegizkoak direla! Osakidetzan exijitzen dena (33.000 langileko plantila batetik, soilik 9.500 lanpostutan eskatzen da euskara), Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea da. Maila horrek, euskal hiztunekin naturaltasunez eta erraz jarduteko maila egiaztatzen omen du, Mendiari hainbeste eragozpen sortzen dizkien EGAren azpitik.Bidenabar, Osakidetzan lan egin ahal izateko, gaztelera ofiziala ez den herrialde batetik datorren edozeinek EGAren pareko mailatik gorakoa egiaztatu behar du. Baztertuak dira horiek ere?

Enplegu publikoetara sarbidea izateko euskara exijitzea baztertzailea dela dio Mendiak. Gogoraraziko genizkioke ezagutu beharko lituzkeen Osakidetzako datu ikusgarriak.
Bestalde, pertsona batek Osakidetzan mediku gisa lan egin nahiko balu medikuntza ikasi ez arren eta Osakidetzak titulazioa eskatuko balio, bazterketa kasu baten aurrean geundeke?

Enplegu publikoa herritarrei zerbitzua emateko da. Bi Hizkuntza ofizial dauzkan herrialde batean, eremu publikoan lan egingo duten pertsonek, lanpostuaren berariazko ezagutza teknikoak menperatzeaz gain herrialdeko bi hizkuntza ofizialak menderatzea naturala behar luke, horietan zerbitzua eman ahal izateko.

Areago, Administrazioan lan egiten duten pertsonek euren aukerako hizkuntza ofizialean lan egiteko eskubidea izan behar lukete, baina lankideek euskaraz ez badakite, ezinbestean gazteleraz egin behar dute lan. Non geratzen dira horien eskubideak? Egia da badirela euskaraz ez jakiteagatik, eremu publikoan lan egin ezin duten pertsonak. Egoera horren ardura parte bat Idoia Mendiarena da. Nola da posible diktadura faxista bukatu zenetik, gure Hezkuntza sistemak oraindik ere ez bermatzea, salbuespenik gabe, oinarrizko ikasketak burutzen dituenak hizkuntza ofizial biak ez menderatzea nahikotasunez? PSE-PSOEk hiru legegintzalditan izan du hezkuntza Saileko zuzendaritza, hortaz, arduraren bat izango du horretan.

Baina Mendia andrea arduradun zuzena da. Aurreko legegintzaldian Funtzio Publikoko sailburua izan zen. Denbora tarte horretan ez zuen neurri bakar bat ere ezarri, euskaraz ez dakiten pertsonek ikasteko aukera izan dezaten. Herrialde honetan, euskara ikasteko ahalegin osoa norbanakoen bizkar doa: euskara ikastea ez da doakoa eta lan jarduna eta euskararen ikaskuntza doitzeko neurririk ez da hartzen. Askotan, ezta eremu publikoan ere. Idoia Mendiari hainbesteko kezka eragiten dion Osakidetzan, aldi baterako langileei ez zaizkio euskara ikasteko erraztasunak ematen… eta aldi baterako langile dira langile guztien %35!

Herritar gazteleradunak gazteleraz bizitzeko aukera izango duen gizartea nahi dugu, baina eskubide hori bera exijitzen diegu botere publikoei herritar euskaldunentzat ere, gaur gaurkoz ez baita errespetatzen. Botere publikoek, epe jakin batean bermatu beharko luke erakunde publikoetan bi hizkuntza ofizialak menderatzen direla, nork nahi duen hizkuntza ofizialean jarduteko aukera izan dezan.

Idoia Mendiarena bezalako diskurtsoek bilatzen dutena, euskaraz ez dakiten herritarrek euskara arbuiatzea da. Eraikitzailea izan nahi badu, egin ditzala herritar guztiek hizkuntza biak ezagutzea ahalbidetuko luketen proposamenak, nork bere gogoko hizkuntza aukeratu dezan.Gaztelera legez eta eguneroko jardunean inposatzen da; alabaina, PSE-PSOEko idazkari orokorraren ustez, euskararen gaineko hizkuntza politikak gazteleradunak baztertzen dituela uste du.

Deigarria da, bere burua sozialistatzat daukan pertsona batek merkatuaren hizkera erabiltzea aukera askatasunez jarduteko. Mendia andreak jakin behar luke merkatuaren legepeko gizarte honetan ezberdintasunak sustatu, indartsuari lagundu eta ahulari kendu egiten zaiela. Eta berdin gertatzen dela hiztun elkarteez ari garela. Euskararen egungo gutxiagotasun egoera eta hiztun euskaldunen bazterketa, Espainiako eta Frantziako gobernuen hizkuntza politika baztertzaile eta uniformizatzaileen emaitza dira.

Ezberdintasunen aurkako borrokak, gizarte osoaren eskubideak bermatuko dituen politika publikoen beharra dauka. Baita hizkuntzari dagokionez ere. Baina beharbada, Mendia andreak arazoak dauzka sozialdemokraziaren oinarrizko printzipio horrekin, edo beharbada, bere alderdiaren izenaren hizki guztiek ez daukate pisu berdina.

Bestalde, uste dugu Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikaren egungo arduradunek, darabilten ustezko «adostasun zabaleko» politikaz hausnarketa egin beharko luketela. Adostasunak hizkuntza politikari dagokionez, euskaldunen eta gazteleradunen hizkuntza eskubideen errespetua izan behar luke oinarri, eta sekula ez komunitate baten bestearekiko nagusitasuna. Ihes egin behar lukete Mendia andrearena bezalako alderdiek sarri proposatzen dizkieten amarruetatik, euskaldunen erkidego baztertu eta zigortuari dagozkion oinarrizko eskubideak itzultzearen aurkakoak baitira.

Alderdi uniformizatzaileek argi daukate. Idoiak Mendiak berak argi adierazi zuen duela hilabete batzuk: «Euskara normalizatuta dago dagoeneko», hots, «honaino heldu gara», bestela esanda. EAEko hizkuntza politika baldintzatzeko «beto» eskubidea onartuko zaie? Eusko Jaurlaritzak eta EAJk argi erantzun beharko liokete galdera horri.

 

Facebook Twitter Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>