Joan den mendeko hirugarren hamarkadan, 1930eko azaroaren 30ean, duela 85 urte beraz, herritar talde batek “San Andres Manifestua” argitaratu zuen. Eusko Abertzale Ekintza-ANVren eta ezker abertzalearen hastapena.
6 urte geroago, 1936ko ekainean, 36ko gerra hasi baina hilabete bat lehenago, ekintzaleek guztiz ezkertiar eta soberanista zen programa politikoa onartu zuten “Berehalako Hastapen Ekintzak” izenekoa, abertzaletasuna eta sozialismoa aurreneko aldiz lotuz. Ezker abertzalea jaioa zen.
Egun ere, oraindik, batzuk ezker abertzalearen eta “Euskal Gatazka”ren aro modernoaren hasiera 50.en hamarkadan ETAren jaiotzarekin batera ezartzen dute. Baina begi bistakoa da, orduko ETA zein ezker abertzalearen Frankismoarekiko konfrontazioa, ez zela hutsetik sortu. ETAko lehenengo ekintzak baino lehen, EAE-ANVko ezker abertzaleko ehunka militante eta gudariek (700 baino gehiago) bizia emanda zuten Frankismoaren aurkako borrokan.
30.en hamarkadako hastapen horiek ez ziren errazak izan. EAE-ANV jaio berriak, EAJ alderdiaren erabateko nagusikeriari eta itxikeriari aurre egin behar izan zion. Jelkideek heresiatzat hartu zuten ezker abertzaleko sorrera beraien kontroletik at. Are gehiago, abertzaletasun guztia EAJren baitan egon behar zuela aldarrikatzen zuten, beraien kanpo ez zegoen abertzaletasunik. Mota guztietako presio, mehatxu, boikot eta trikimailuak erabili zituzten ezker abertzaleak bere bidea ez egiteko. Pulpituetatik ere apaiz jeltzaleek jaio berria zen ezker abertzalea erasotu zuten. Ordutik ezarri zitzaien ekintzalei “Jaungoikorik gabekoak” (los sin Dios) ezizena.
Kanpoko langileen kontrako arrazakeriari ere aurre egin zioten. Berdin zen militantearen jatorria. Abizen euskaldunak edukitzea ez zen beharrezkoa ezker abertzalekoa izateko, soilik Euskal Herriarekiko konpromiso sozial eta nazionala.
Ideologia honek, ezkertiarra eta abertzalea aldi berean, PSOEren kezka piztu zuen eta harekin batera ekintzaleen aurkako erasoak. 1933.en urtean PSOEko “pistolero” talde batek Hermenegildo Albariño EAE-ANVko gaztea tiroz hil zuen Barakaldon. Eraildako Ezker abertzalearen aurreneko militantea.
Egun EAE-ANV ilegalizaturik dago berriro, eta historiaren paradoxengatik bere aurreneko militantea hil zuen alderdi berbereko gobernu baten eskutik (PSOE). Hirugarren legez kanporatzea bere historia luzean. EAE-ANV-k denbora gehiago eman baitu legez kanpo legalitate espainolean baino. Aldi berean, Euskal Herrian 30.en hamarkadan ezker abertzalearen sorrera eragin zuten “Askatasun nazional eta justizia sozialaren” helburuek bete gabe diraute.
Ezker abertzalea inoiz baino anitzagoa den honetan, bere baitan inoiz baino jende, talde eta sentsibilitate gehiago biltzen duen honetan, batzuek tematzen dira oraindik 30.en hamarkadan EAJko dotrina berbera inposatzen. Alegia, ez dagoela abertzaletasun ezkertiarra beraien sigletatik haratago. Iparraldean esaten dutenez, haizea mugitzeari ekin diote, ezinezkoa dena behin eta berriro burutu nahian: ezker abertzalearen aniztasun guztia alderdi bakarraren baitan biltzea. Ideologi libertario, komunista, sozialista, sozialdemokrata, aurrerakoia, … Enpresario txikiak eta langileak, denak ezinezkoa den alderdi bakarrean biltzea, Herritar Batasun batean bildu beharrean.
Ziur gaude 30.en urtean jaio ziren indar askatzaileak, egungo ezker abertzale anitzean loratu direnak, izango direla herri hau independentzia eta sozialismora eramango dituztenak. Horregatik gogora ekarri nahi dugu gizon eta emakume haien lelo bat “Lehen Aberria, eta gero Alderdia”. Alderdikeria eta hegemonismoak baztertu independentzia eta sozialismoaren aldeko batasun nazionala lortzeko. Horregatik gaur, urtemuga honetan, guk militante historikoak bezala, zera aldarrikatu nahi dugu: ezker abertzalea ez dela inoren patrimonio esklusiboa, guztien etxea baizik. Batzuek esaten duten bitartean “Ezker abertzalea ni naiz” guk zera aldarrikatzen dugu: Denok gara ezker abertzalea.
Hau dela eta, Ezker Abertzaleko Herritar Batasunaren eta elkarlanaren garaia da. Inoiz baino gehiago. Inoiz baino beharrezkoago. Aberri independente eta sozialistaren helburua alderdien gainetik ezartzeko.
Antxon Gomez eta Alberto Muñoz (Ezker Abertzale Historikoaren kideak)
Euskal Herria, 2015eko azaroaren 25an