1978ko eta 2015eko abenduak eskutik

Urtebete baino ez nuen estatu espainolak nire herriaren eta estatuko langile guztion zapalkuntza betikotzen jarraitzeko beharrezko izan zuen eta gaur arte luzatzen den maskarada konstituzionala inposatu zuenetik. 1978ko amaiera zen eta, une hartan kontziente ez banintzen ere, nire belaunaldiaren bizitza baldintzatu, ezaugarritu eta markatu duen zapalkuntza faxistak gaur egunera arte dirauen mozorro faltsua jantzi zuen. “Demokraziaren seme-alabak” izan omen ginen.


Aitak eta amak, beste milaka bezala, kalean egiten zuten borroka faxismoaren aurka eta zapaldu eta esplotatuentzako justizian oinarritutako herri aske baten alde, ni bezalako haurrok zapaldu eta zapaltzailerik gabeko Herri eta Mundu batean bizitzeko itxaropen eta desirak emango zien indarraz. 78ko Urrian adibidez, Herri Langilearen Borroka Iraultzailea salatzeko PNVko euskal burges eskuindar jelkideek eginiko Usoen deialdiari Atzoko eta GAURKO gudarien alde oihuarekin erantzuten saiatu ziren Bilboko Alde Zaharrean, armak eskuetan borroka egiten zuten herriko seme-alaba kuttunenak lubaki latzenetan bakarrik senti ez zitezen, baina, batez ere, argi eta ozen adierazteko 1936ko altxamenduak herri-erresistentzia garaitu ondoren ezarritako faxismoa bizi-bizirik zirauela eta herri langilearen askapena, izatekotan, antolakuntza eta borroka iraultzailearen bidetik soilik izango zela egingarri. Bertan espainar polizia faxistek gurasoak jipoitu zituzten, bertaratu ahal izan ziren beste dozenaka lagunekin batera. Maionako galtzadetan une hartan isuritako odol eta malko haiek, Euskal Herri osoko kaleetan isuriarazitakoekin batera, faxisten -eta euren itzalera bildutako guztien- mozorro-festa salatzea eta ezinbestekoa zen borroka iraultzailearen alde egitea, zapaltzaileei nolabaiteko kontzesioren bat kentzea eta funtsezko askatasun demokratikoak aldarrikatzea zein garesti ordaintzen den ezin argiago utzi zuten, etortzear zeuden hamarkadetan gertatu denaren eta bakoitza non kokatu denaren sintesi bikaina eskeintzen digun gertakari hartan.
Hilabete batera iritsi zen Konstituzioaren erreferenduma, 78ko Abenduaren 6an: inposizioz eta dekretuz, makilkadaka eta tiroka, torturaz eta erailketaz, egunetik egunera faxistak demokrata bilakatu ziren eta borrokalariak terrorista. Nahi ala ez, frankismoarekin aberastutako eta egonkortutako oligarkiak, armada faxistaren babesaren bidez, katea horraino baino ez luzatzeko prest zegoela adierazi zuen. PNVko euskal burges eskuindar jelkideek Madrilen eman zieten ogi kurruskua euren eskutik jateari ekin zioten. Carrillotar narrastiek Estatuko langileria borrokalariaren zati handi batentzako ohore, sakrifizio eta duintasunaren ordezkaria zen alderdia likidatzen amaitu zuten, Onaindia eta Bandres bezalakoengan ohorezko matrikuladun apopiloak topatuz euskal lurraldeetan. Ordudanik, gure herri langileak primeran identifikatu ditu azken hauek eta euren asmoak: hauteskundeen zirkoan antzeztutako parlamentarismo faltsuaren apologistak. Faxismoaren mozorroari sinesgarritasuna eman nahi zioten txotxongiloak. Horiek, militante iraultzaileak hatzarekin seinalatuz eta Herri borrokalariaren indarra mespretxatuz legaltasun esparrua irabazi zuten uso itxurako otso pozointsu eta zitalak. Langileriarengan, zapalduongan nahasmena eragiteko eta itxaropen faltsuak sortzeko sozialdemokraziaren soldatapeko kameleoiak.
78ko Abenduaren 21eko egun beltza iritsi zen horrela. Beste hainbaten antzera, bere bizitza Euskal Langile Herriaren askapen bikoitzaren zerbitzura jarrita, Argala erail zuten Angelun. Ordudanik izan dugu, beste askorenarekin batera, bere irudia paratuta edo gordeta Euskal Herriko hamaika etxetan. Hiltzen dizkigutenean soilik ezagutzen ditugula esan zuen norbaitek. Hala, aitite eta amamak Argalaren irudia zuen eranskailua paratu zuten Leninen irudi handia zuen koadroan, bandera errepublikar txikitxo batekin batera. Handik urte gutxira galdegin nion amamari koadroan agertzen zirenengatik, jakinminak jota. “Es Lenin, fue un hombre muy bueno” esan zidan. Koadroari gaineratutako beste irudia seinalatzen nuela ikusirik, “este es Argala, nos lo mataron” esan zidan amamak, pasadizo honekin oroitzean nik sentitzen dudan antzerako samin eta harrotasunarekin. Argalak eta berarekin batera herri langilearen askapen bikoitzaren alde hitzez eta ekintzez aritu ziren iraultzaileak ezagutzen azkar ikasi nuen nor zen nor herri honetan, nortzuk diren betiko adiskide, nortzuk egoeraren gogortasunaren araberako behin behineko lagun, nortzuk saldukeriaren eta hipokresiaren mugarik ezagutzen ez duten iruzurgileak eta nortzuk adjektibazio zehatzik behar eta merezi ez duten etsaiak. Argalaren kezka nagusienetako bat Konstituzioa inposatu eta geroko egoeran printzipio iraultzaileak bazter utzi gabe helburu politiko estrategikoak irmo defendatzen jarraituko zuen langileriak gidatutako herri mugimendu borrokalaria bizirik mantentzea zen. Hau da, faxismoaren errepresio beltzenak lortu ez zuena, hauteskunde burgesek, saldukeri sozialdemokratak eta, besteak beste, goranzko joera hartzen zihoan
kontsumismo maila basatiak ez irenstea. Frankismo klasikoaren forma aldaketa borroka armatuari zor zitzaion bezala, espetxeratutakoen kaleratzea herri borrokari zor zitzaiola zioen Argalak. Herri eta Langilegoarentzako KAS Alternatibaren defendatzaile sutsu, programa demokratizatzaile haren aldeko mugimendua nola osatu eta egituratu izan zen bere azken urteetako kezka eta egiteko nagusia. 29 urte zituela erail zuten, ibilbide oparoa utzi zigularik ondare.
Ia lau hamarkada igaro diren 2015ko urte amaiera honetan 1978koarekin alderatzeko aukera dagoela sentitzen eta pentsatzen dut. Amnistiaren demak konplexurik gabe zeharkatu du duela pare bat aste Bilboko erdigunea, faxistak direla herri honetan ezagutzen ditugun terrorista bakarrak argi utziz. Bitartean, 78an ezarritako erregimen ustel eta zaharkituak deitutako hauteskundeetarako ari dira prestatzen eskuin muturreko alderdi faxistak zein bere itsaslamien kantuaren doinura Bildutako guztiak. Ansioko Labe Garaien orubea okupatzen duten merkatal guneek gabonetan egiten dituzten eskeintza bereziak bailiran, denek dute aukeraz eta kolorez beteriko produktua eskeintzen. Haurtzarotik dudan lagun bat Granadako sakabanaketatik ekarri dute herrira ordubetez bere amatxu maitea hilotz ikustera, kontsulta legeen potentzialitate askatzailea eztabaidagai dituen Baskongadetako kasko eta armen artean. Andaluzian igaro behar izan du nire bikotekideak aurreneko astebukaera eta datorrena, Galizan. Eta ez, momentuz ez da ekimen internazionalista batean apuntatu. Hauteskundeak izan dira Venezuelan eta Argalarekin gogoratzen naiz, Allenderen aurkako estatu kolpea burutu zutenean berak ikasi eta adierazi bezala, sarraski gehiegi eta iraultza gutxi ikusiko ditugulako langilegoa “sozialismorako iragapen baketsua” aldarrikatzen dutenen eskutik ibiltzen baldin bada. Besteak beste, Ukraina eta Donbasseko antifaxistengan, Turkiako komunistengan, Palestinako Intifada berriaren neska-mutilengan eta Siriako subiranotasunaren defendatzaileengan inperialismo sarraskizaleenaren aurkako Vietnamgo Herri Erresistentziaren duintasuna ikusten dut islatuta. Nik ikasitako eskolan erlijioak duen harrerak nabarmen gainditzen du gure garaikoa. Lanean zelan nabilen hobe ez esatea, ziur zuetariko askok gorriak pasako dituzuelako eskubide beharko lukeen etxebizitza baten hipoteka ordaindu ahal izateko, goserik pasa gabe hile amaierara iristeko edota berogailua astean bitan baino gehiago ez pizteko.
Judu-kristauen ospakizunak gertu ditugularik, artzainak dira han-hemenka ikusgai, erakusleihotan. Eta nik, artzain horiek baino, nahiago Pastor Jauna eta bere duintasun iraultzailearen isla diren lerro xume bezain argigarri horiek. Ez mende erdiko Erresistentziaren izenean. Ez Erresistentzia horretan parte hartu dugun guztion izenean. Ez Erresistentzia horretan parte hartzeagatik modu batera ala bestera errepresaliatuta izan garen guztion izenean. Datorren abenduaren 20an aukera paregabea daukagu, itolarrian egon arren, itzalezina den Erresistentziaren enbor beretik sortuko diren beste kimuei bidea zabaltzen errezteko eta euskal langileriak, bere askapen bikoitzaren ibilbide malkartsuan jarraitzeko, zein zapatadendatik pasa behar ez den argi uzteko. Dominetan, urrun geratzen hasia den eta berrikuste prozesu okagarrian murgiltze bidean den iraganeko errentetan, izen handietan edo sigla zehatzetan oinarritutako argudioak baino, nahiago izan ditut beti arrazoimena, egia, autokritika zintzoa, koerentzia eta adierazitakoarekin era kontsekuentean jardutea ardatz izanda aurrera egiten saiatzen diren ahotsak. Azken bolada honetan, izen zaparradez hornituriko zerrenda ezberdinek babestu dituzte gure herrian burutu diren hainbat adierazpen eta mobilizazio. Hori guztia ikusirik, Historiak epaituko duen une honetan gutako bakoitza non, zeren alde eta norekin kokatu den argi uzteko beharrak bultzatuta idazten dut honakoa; nik ere aldarrikatzen dudalako, bihotzean haritz hosto orlegia eta ukabil gorria jasota daramatzadalarik, herriko kaleetako hormetatik itsatsita ikusi ditudan eranskailuek diotena: aktiba gaitezen denok faxismoaren aurka. A-20an, Abstentzioaz kolpatuz.
Aitite eta amama aspaldi hil ziren, baina euren koadroak bertan darrai, lehenaldiak eta orainak emandakoaren lekuko, dizdira galdutako markoak eta irudiaren horitasunak ematen dioten jatortasunarekin, etxean dugun gure txikitxoak galdegiten duenerako Lenin eta Argala nortzuk izan ziren eta zer egin zuten irakasteko prest. Antolakuntza eta Borroka. Atzoko, gaurko eta batez ere, BIHARKO borrokalari iraultzaileen alde.
Iker Heredia de Elu
Ikasle Abertzaleak, Jarrai (KAS), ETA eta EPPK-ko Portugaleteko militante ohia.

Facebook Twitter Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>