Asturiasko Euskal Brigadari omenaldia. Llera-Valduno.

Joaldunak Llerako zubia zeharkatzen. EAE-ANVko  Eusko Indarraren gudariek 37ko  otsailean eta gabarraz egin zuten puntu berbean.

Atzo  CNT, PCE-EPK eta Eusko Lurra Fundazio ekintzale  erakunde historikoek omenaldi  herritarra antolatu dute Asturiasen, Valduno eta LLera herrixken artean, Oviedotik gertu,  “El Pradon de los vascos” deritzote parajearen alboan.

Leku honetan eta alboko Pando mendian, 36 gerran  300 inguru miliziano eta gudariek bizia galdu zuten faxistekin borrokan Oviedo askatu nahian.

Gertaera haien testuinguru historikoa

1937ko otsailaren 21ean, Errepublikaren sostenguan Eusko Jaurlaritzak Asturiasera bidalitakobi brigadek, beste 13 brigada errepublikarrekin batera, faxisten eskuetan zegoen Oviedo hiria eta hiriburua frankisten kontrolpeko lurraldearekin lotzen zuen Grado-ko korridorea erasotu zuten. Helburua Oviedo hartzea zen, edo hiria inguratzea behintzat.

Bi euskal brigadetatik bat Saseta Komandantearen agindupean zegoen. Brigada honetan EAE-ANVko Eusko Indarra, EAJko Amaiur eta UGTko Indalecio Prieto batailoiak zeuden.

Bigarren euskal brigadak Benito Reholaren burua zuen. Perezagua eta Rusia batailoi komunistek eta Isaac Puente batailoi anarkistak osatzen zuten. Dibisio euskaldunaren aginte postua Trubiako eskoletan kokatuta zegoen, Eduardo Vallejo-k koordinaturik.

Gudari ekintzaleek eta jelkideek, UGTko milizianoekin batera, 1937ko otsailaren 21ean Naloi ibaia gurutzatu zuten gabarretan. Saseta komandanteak  EAE-ANVko gudariei erasoan aurrean joatea eskatu zien. Naloi ibaia odolezko ibaia bilakatu zen Llera eta Valduno herrixken artean. Faxisten metrailadore astunen supean, EAE-ANVren lehen 20 gudari inguru ibaian bertan hil zituzten.

Gudari ekintzaleek Nalon ibaia zeharkatutako parajea

Ibai ertzean posizioa ezartzea lortu zuten beste batailoi euskaldunak ibaia zeharkatu ahal izateko. Gero hainbat karga izan ziren Areceseko muinoaren maldan gora. Azkenean, ANVko Eusko Indarrakoek Areces herrixka hartu zuten Amaiurko jelkideen laguntzaz, UGT-ko batailoia faxisten supean trabatua geratzen zen bitartean.

Aldi berean, euskal brigada komunista eta anarkistak handituta zetorren Naloi ibaia zeharkatu zuen eta San Claudio barrena Oviedo gaineko “Pando” mendixkarantz abiatu ziren.

Isaac Puente batailoi anarkista erdian zihoan, bi batailoi komunistak ezker-eskuin. Borroka bertatik bertara izan zen faxistekin. Latza. Anarkistek 30 hildako izan zituzten soilik aurreneko eraso honetan. Historialariek diote “El Pando” posizioa hartzea izan zela ofentsiba horren errepublikarren garaipenik handiena. Euskal brigadak lortua.

23an, gudari eta milizianoek Areces galdu zuten faxisten kontraerasoaren ondorioz eta ezaguna den masakrea gertatu zen. ANVko 120 gudari, EAJko 18 eta UGTko 12 miliziano inguru. Saseta komandantea bera bertan erori zen. Frankistek ospitale batean geratutako 80 zauritu baionetaz hil zituzten.

Odolez tindatutako Naloi ibaia berriro atzera gurutzatu behar izan zuten. Bitartean, Euskal Brigadako komunista eta anarkistek “El Pandoko” posizioa mantentzea lortzen zuten. Hurrengo egunetan Eusko Indarraren gudarien laguntza izango zuten bertan eta euskaldunek elkarrekin posizioa mantendu zuten hainbat astetan.

Hainbat historialariek diote Oviedoko korridorearen inguruko gatazketan 10.000 borrokalari errepublikarrek bizitza galdu zutela. Haietatik, 250-300 inguru, euskal gudari eta milizianoak.

Gaurko ekitaldia

Autobusez eta autoez  Euskal Herritik etorritako militante anarkista, ekintzale eta komunistak,  Asturiasko CNT eta Asturiesko PC-ko hainbat kidekin batera, 36ko gerran euskal  gudari eta milizianoak bezala  Nalon ibaia gurutzatu dute. Oraingo honetan Joaldunen talde baten atzetik.  Ondoren, hainbat ekitaldi oztopatu dituzten etengabeko  euri  zaparradapean,  militante ekintzale, komunista eta anarkistak Valdunoko elizaren arkupetan bildu dira txalapartaren doinuz ekitaldi politikoa burutzeko.

Bertsolari batek ere hango gertaerak gogora ekarri ditu.

Erakunde historikoen izenean mintzatu direnak garai hartako borrokalarien legatua gogora ekartzeaz gain, Oroimen historikoak  egungo borroketan daukan egunekotasuna azpimarratu dute. Faxismoa eta betiko espainiar eskuin totalitarioa  azken bolada honetan hartzen ari diren aurrerakadaz ohartarazten. Baita estatuaren bilakaera errepresiboa salatuz.

Horren aurrean, duela zazpi hamarkada eman zen ezkerraren batasuna goratu dute.

Hizlariek ere  Areceseko  gudari eta milizianoen kasuan Egia, Justizia eta Erreparazioaren beharra azpimarratu dute  aurreikusita dauden deshobiraketak egiten direnean.

Gertaera haien leku bertatik, bertan bildutako hiru erakunde historikoek eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Donostiako Udalari beraiekin adostea  “El Pradon de Vascos”ko gudari eta milizianoen  deshobiratze  protokoloa.

“A las barrikadas” kanta anarkista, Internazionala eta  eusko gudariak aditu dira 37ko otsaila hartan euskal gudari eta milizianoek,  guardia zibil, legionario eta mertzenario moroekin izan zuten  borroka latza ezagutu zuten Valdunoko elizaren hormen artean.

Hunkigarria izan da “Txikia” kanta abestu denean. Borrokalari euskaldunen belaunaldi ezberdinak Areceseko batailarekin lotzen dituen kanta.

Hunkigarria izan da EAE-ANVko Eusko Indarraren  batailoiaren kapitaina izan zen Sansinea gudariaren semeak bere aitak Aracesko  batailak idatzitako eskuizkribua irakurri duenean. Baita Valdunoko zubian, ofentsiba hartan aurreneko gudari eta milizianoek bizitza galdu zuten tokian, hiru erakunde historikoek zein senideek , joaldunen laguntzaz, burututako lore eskaintza.

Facebook Twitter Email

Un pensamiento en “Asturiasko Euskal Brigadari omenaldia. Llera-Valduno.

  1. Pingback: Eusko Ekintza Asturiasko Euskal Brigadari omenaldian eta euskal preso politikoen aldeko bertako ekitaldian | Eusko Ekintza

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>