Gaur Euskal selekzioaren eta Kataluniakoaren gizonezkoen partida hasi aurretik, 19:00etan, desfile bat egingo du Jauzia egitasmoak. Bilboko Moyua plazatik abiatu eta Jesusen Bihotza plazan amaituko da.
Desfilean euskal selekzioen ofizialtasunaren eskaerarekin bat datozen kirolariek zein kirolari ohiek parte hartuko dute, nor bere kirolaren ezaugarriekin, Olinpiar Jokoetako desfileen antzera. Amaitutakoan, ekitaldi labur bat egingo dute Jesusen Bihotza plazan. Esanguraz beteriko bi abesti kantatuko dituzte -Mikel Laboaren Txoria txori eta Lluis Llachen L’estaca—, eta, amaitzeko, selekzioen ofizialtasunaren aldeko bufanda berde-horiak astinduko dituzte, Bilboko Kale Nagusiari «ofizialtasunaren kolore berdea» emateko.
Ekitaldiak «helburu xume eta argia» izango du, Jauziaren izenean Beñat Zarrabeitia kirol kazetariak eta Garazi Muniain futbolariak esan dutenez: «Gure kirol ordezkaritza proiektatzea eta nazioarteko lehiaketetan zein Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan euskal pabiloiaren barruan aritzeko eskubidea aldarrikatzea». Horretarako, «talde lanean aritzeko eta pausoak guztion artean zehazteko» eskatuko dute igandeko ekitaldiaren bidez. Sigue leyendo